«INDARRAK BILDU ETA MOBILIZAZIOA ERAGIN, ALDAKETA OINARRITIK BULTZATZEKO GAKOAK»

Indarrak bildu eta mobilizazioa eragin, aldaketa oinarritik bultzatzeko gakoak

Borroken berpizkunde baten aurrean gaude

Aurtengo otsailaren 14an Bilbon plataforma martxan jarri zenetik, HERRIAabian!etik egindako bidearen balorazioa baikorra da.

1.  Martxan jarri gara eta aldaketa sozialaren alde eta aldaketa hau Euskal Herrian eta Euskal Herritik gauzatzeko beharrezkoak diren tresnen eskaera egiteko indarrak elkartu ditugu. Badira ia 100 elkarte, sindikatu, giza-talde... eta beste ehunka lagun euren kontura dagoeneko beren atxikipena eman diotenak HERRIAabian!eko manifestuari.

2.  Egoerari buruzko diagnostiko bateratua adostu dugu, hainbat taldek parte hartu duten prozesu partehartzailean.

3. HERRIAabian!en jardueraz haratago, baikor izateko moduko borroken berpizkundea gertatu da: ERE eta kaleratzeen aurkako mobilizazio ugariak, lan istripuen aurkakoak, etxebizitza eskubidearen aldekoak, emakumeen eskubideen aldekoak, pentsiodunen eskubideen aldekoak, etorkinen eskubideen aldekoak, auzo elkarteetatik bultzatutako ekimenak, azpiegitura handien aurkakoak, mobilizazio handiak martxoaren 3an, martxoaren 8an eta maiatzaren 1ean, martxoaren bukaeran aldaketa sozialaren aldeko mobilizazioak eta Euskal Herriak izandako 3 greba orokorren arrakasta (bi Lapurdi Nafarroa Beherea eta Zuberoan eta bat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian). Gauzak horrela, esan dezakegu herri hau martxan jarri dela eredu ekonomiko honek prekarizatzen dituen taldeak elkartuz helburu bateratua lortzeko: beharrezkoa duen aldaketa soziala.

 

Oztopoen gainetik ere, bidea eginez

Eta baikorrak gara herri borroka hauen berpizkundea klase politiko eta patronalaren arteko bateratzeak jarritako oztopoen gainetik gertatzen ari delako. Goi mailako klase politiko eta ekonomiko horiek nahi dute krisiaren zama guztia langileriaren lepoan jarri. Eta helburu horretan kide bikaina lortu dute: komunikabideak, klase hauen hitza eta iritzia zabaltzen dutenak. Mass-media horiek beldurra sartu diote herriari eta krisi honetatik ateratzeko politikari eta enpresarien bermea jarri dute bide bakartzat, desideologizazioa eta desmobilizazioa bultzatuz. Komunikabide horien bitartez goi mailako politikari eta ekonomilariek euren norantzan bogatzeko eskatu digute. Hori bai, argi daukagu geure eta beraien interesak kontrajarriak direna. Krisi honetatik ateratzeko euren proposamenak berrikustea besterik ez dago. Neurri horiek laburbildu daitezke hitz gutxitan: diru publikoa, guztiona, esku pribatuetara pasatu:

1.  Bankuei eta arlo finantzariari diru kopuru erraldoiak emanez ari dira egiten, jakinda gainera arlo hori izan dela bere dirugosekerian, hein handi batean, krisia eragin duena.

2.  Azpiegitura erraldoiei aurrekontu itzelak bideratuz egiten ari dira (Supersur, AHT, Superportuak...), eraikuntzaren lobbyari alegia, gaur egungo egoeraren beste erantzule zuzen bat.

3.   EREak babestuz egiten ari dira, zeharka enpresariei dirua bideratuz, soldataren zati bat langabeziarentzako diru publikoz ordaintzen baita.

4.  Fiskalizazioaren bitartez egiten ari dira, Gizarte Zerga murriztuz edo Ondasunarena desagerraraziz, zeharka bada ere baina diru publikoa sakel pribatura bideratuz.

Bitartean herritarroi hondarrak uzten dizkigute: etxebizitza zein pentsiorako laguntza murritzak, askotan betetzen ez direnak; lana sortuko dutela esan eta ez egin, eta egiten dutenean lan ezegonkorra izanda... Ekonomia berpiztu eta krisiarekin bukatu nahi dute kontsumoa bultzatuz; aberastasuna banatzeaz hitzik ez. Horrela uler daitezke autoa automozioaren sektoreari ematen ari diren dirulaguntzak. Neurri hauekin lor dezaketena da beren adierazle makroekonomikoak igotzen laguntzea, baina ez dute inondik ere, milaka langileen egoera prekarioa hobetuko. Are gehiago, kontsumoa era neurrigabean bultzatzearen ondorio zuzena litzateke amalurraren suntsitzea, ekosistemaren garapen orekatu batengandik oso urrun geratzen baita sortzen ari garen enegia beharra. Testuinguru honetan ez da harritzekoa Garoña ez ixteko hartutako erabakia, zeinak garbi antzean uzten du zein norabide hartu nahi duten, hots, kapitalismoaren birfundatzea zertan oinarrituko den: energia nuklearra, abiadura handia... Bitartean, ekonomiaren oinarria beharko luketenak, lehen eta bigarren sektoreak, babesik gabe uzten dira, horrela ezinezkoa izanda lekuan lekukoa ekoiztea eta kontsumitzea, gure herriak gero eta menpekotasun handiagoa izanda.

 

Biltzen jarraitu oinarritik aldaketa gauzatzea ahalbidetzeko

Gauzak horrela, argi geratzen ari da langileriak behar duen aldaketa ez dutela egungo erakundeek gauzatuko, ikusten ari baikara dagoeneko hitzarmen bat badutela erakunde horiek patronalarekin. Iragan maiatzaren 21eko greba orokorrean ikusi genuen; orduan sindikatuekin adostu ere egin gabe, gutxieneko zerbitzu neurrigabeak ezarri zituzten, greba eskubidea bera ere herren utziz. Gauzak horrela, HERRIAabian!en uste dugu indarrak biltzen jarraitu eta Euskal Herriak behar duen aldaketa oinarritik egiteko garaia dela. Ezin gara erakundeek emango omen diguten konponbidearen zain egon, argi utzi baitute noren mesedetan egingo duten lan. Horrela, datorren ikasturterako hurrengo helburuak aurreikusten ditugu:

1.  HERRIAabian!en pentsamendua jendartean zabaldu eta sektore, elkarte eta gizabanakoak ekimen honen inguruan biltzen jarraitu.

2.  Mobilizazioak bultzatu eta agerpen gehiago egin kalean gure eskubideak defendatuz eta egungo egoeraren errudunak salatuz.

3.   Euskal Herriko herri mugimenduak dituen aldarrikapenak jasoko dituen aldarrikapen taula zehaztu. Zehaztapen hori prozesu partehartaile baten ostean egingo da, ondoren aldarrikapen taula hori zehazteko ihardunaldiak antolatuko dira eta aldarrikapen horiek gizarteratzeko bidea markatuko da. Unea iritsi da egunez egun herri hau aurrera ateratzen ari garenok elkartu eta gure etorkizunari buruz hitz egin eta erabakiak hartzeko, baita arlo sozioekonomikoan ere.

Helburu hauek datorren ikasturte hasieran egingo dugun Lehenengo Asanblada Orokorrean zehaztuko ditugu.

Bitartean eta datorren ikasturtera arte, prekarizatuta dauden talde zein pertsona guztiei dei egiten diegu antolatzeko eta indarrak biltzen hasteko, aldaketa soziala gauzatzeko eta hau lortzeko Euskal Herriak behar dituen tresnak lortzeko.

 

Euskal Herrian, 2009ko uztailaren 8an

 

 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar