| "Ausartak izan gaitezen. 19an kalera!" |
x Patxi Agirre -HIRU sindikatuko idazkari nagusia-Krisia bere gordintasunean bizitzen ari garenoi zaila suertatzen zaigu eguneroko arazoei ihes egitea, eta perspektiba apur bat hartuta etorkizunari so egitea. Atzetik ditugu ordaindu gabeko fakturak, abalak, eskaturiko kredituak, bezeroen eta bankuen presioak, administrazioaren axolagabekeria, gasolioaren igoera, lan falta... Zaila da, baina sindikatua garen aldetik, eta sindikalistak garen aldetik, gure ardura da lan horri eustea, eta garraioaren sektorean, gure sektorean, gertatzen ari diren eta gertatuko diren mugimenduak eta aldaketak aurreikustea. Krisiak zerbait erakutsi baldin badu sistema ekonomiko eta sozial honen porrota izan da. Sistemak ez du funtzionatzen, finean zeharo bidegabea delako eta bakan batzuen aberastasuna gizartearen gehiengoaren prekarietatean oinarrituta dagoelako. Hortaz, bi aukera dago: funtzionatzen ez duen sistema hondotik ateratzea, hala nola konpontzea, eta aurrerantzean hobeto funtzionatuko duela espero izatea, edo behin betiko desagertzea. Lehenbiziko aukeraren alde egin dute munduko gobernari gehienek, kapitalak eta elite finantzieroak euren prebendak babesteko asmoz, eta haiek sorturiko arazoak besteen lepora ordaintzeko asmoz. Bigarren aukera baztertu egin dute, ez dute sistema aldatu nahi, eta gainera eredu ekonomiko eta sozial bidegabe hau aldatzearen aldekoak albo batera utzi eta galdutako kausak defendatzen ari direla zabaltzen ari dira. Argi dago bigarren aukeraren alde egitea ausarta dela, agian ausartegia, eta sistema osoa goitik behera aldatzeak bertigoa ematen duela, baina langileok ez dugu beste aukerarik, eredu neoliberal hau bultzatuz gero urteetan lortutako eskubideak pixkanaka-pixkanaka galduko baititugu eta elite finantzieroen eta ekonomikoen irabaziak elikatzeko etengabe lan egiten jarraituko dugu. Ataka honetan sindikatuei eta sindikalistoi arduraz jokatzea dagokigu, eredu ekonomiko eta sozial justuagoa eraikitzea dagokigu. Hala, HIRU sindikatuari eta HIRUko afiliatuei Europatik diseinatzen ari den errepideko merkantzien garraioari buruzko hausnarketa kritikoa egitea tokatzen zaigu, garraio eredu duina nondik nora joan behar den proposatzea, eta horren alde borrokatzea. Lan horretan gaude, eta ez gaude bakarrik, Euskal Herriak behar duen benetako aldaketa soziala bultzatzen ari baikara ere Herria Abian ekimenean bildutako sindikatuekin eta gizarte eragileekin batera. Haiekin guztiekin hilaren 19an Euskal Herrian eginen diren mobilizazioetan parte hartuko dugu. EUSKAL HERRIA, 2009-12-14 |
x 



