| "San Isidrok salba gaitzala" |
|
San Isidrok lagun gaitzala... Horren zai egon behar genuke baserritarrok gaur egungo egoera ikusita, fededun baserritarrak behintzat. Ematen du gure salbazio bakarra San Isidro gure patroiak ekar dezakeela, mundutik haratagotik etorri beharko duela baserritarron atsekabeen amaiera, bertako agintariek gure egoera txarrari aurre egin beharrean geuri egin digute aurre urteetan zehar eta. Langile sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak langileen eskubideen aurkako politika neoliberala izan duela salatzen duen bakoitzean, eta sarritan egin dute salaketa hau, guk baserritarron egoera dugu gogoan. Langile munduan prekaritatea, azpikontratazioa eta lan istripuak etengabeko salaketa izan badira langile sindikatuen aldetik, baserri munduari dagokionez honen egongortasun eza, biziraupen ezinezkoa eta baserritarron desagertzea ekarri du agintaritza autonomikoaren nekazal politikak.
Gauza bat onartu behar zaio orain arteko Jaurlaritzako politikari eta honetan orain arte bertan egon diren alderdi nagusiei: koherentzia. Industri eta komertzio alorrean bultzatu duten berdina bultzatu dute nekazaritza munduan ere. Alde batetik, entrepresen konzentrazioa, dela metalaren industria, eraikuntzarena, komertzioarena eta baita agroindustriarena. Dena haundi egin nahi izan dute, dena konpetitibidadearen izenean. Konpetitibidadearen izenean entrepresa haundiak bultzatu dituzte eta entrepresa txiki gehienak auxiliar lana egiteko besterik gelditu ez direnean, eta auxiliar gehinetan menpeko eta gaizki ordaindua esan nahi du, oraindik konpetitiboagoak izateko neurriak hartu dituzte, alegia, kostuen merketzea eta kanpora saltzeko diru laguntza mardulak. Kostuen merketzea denok dakigu noren lepora egin den, langileriaren lepora, kasu batzuetan euskal langileria eta beste batzuetan hirugarren herrialdeetako langileriaren lepora. Hemen langileak gero eta gehiago sakatzea ezinezkoa izan denean, lanteghiak, produkzioak beste herrialde batzuetara eraman dituzte, lan eta soldata baldintza kaxkarragoak ezariz langile horiei eta egoera hau bertakoei txantaia egiteko erabiliz. Kanpoko gero eta produktu gehiago heldu dira gure herrira, gero eta merkeago, bitartean, instituzioek gure globalizazio industriala bultzatu dute, eusko-kalitatea mundu guztira hedatu nahi guran, bertoko merkatuan gero eta indar gutxiago izan dugunean, gero eta laguntza gehiago eman dituzte bertokoa kanpoan saltzeko.
Baserri mundua beste parametro batzuetan mugitzen dela ematen duen arren, prozesu berbera eman da ezarritako politiken ondorioz. Lehendabizi hazteko premia aldarrikatu eta bultzatu zuten, intentsifikazioa. Gero eta gehiago ekoiztu behar genuen, gero eta behi gehiago izan, gero eta ikuillu eta makinaria eta egitura administratibo haundiagoak eduki behar genituen aurrera botatzeko. Gutxi batzuk, era ez oso gardenean lortutako diru publikoari esker, baserritar izateari utzi eta agroindustrial bilakatu ziren, handituz eta handituz. Bigarren urratsa industriaren berdina izan da, azken finean agro-industriak, auto-industriak, eraikuntz-industriak eta komertzio-industriak badute ezaugarri amankomun bat, industri izatearena eta bakoitzak arlo bat jorratzen duen arren, filosofia berari atxikitzen zaizkio, neurri gabeko etekina lortzea. Bigarren pausu hori, bada, deslokalizazioarena izan da, aspaldian jatzen ditugu Marokoko euskal piperrak eta tomateak, aspaldian edaten dugu Kantabriako, Frantziako edo hurrunagoko euskal esnea eta horrela beste hainbat jateko. Nekazal ustiakuntzen deslokalizazioa eta baserritarron deslokalizazioa, bertoko baserritarrak lantegietara edota jubilaziora bultzatu badituzte (baserritarrona eta beraien ustiakuntzena), berton geratzen diren agroindustrian izerdia botatzen duten asko eta asko Maroko, Rumania eta abarretan jaiotakoan direlako. Bertoko baseritarrak deslokalizatu dituzte eta beste herrialde batzuetako baseritarrak ere deslokalizatu dituzte, bertoko ekoiztutako tomate, piper, arto eta abarretako asko hirugarren herrialdeetan nekazari txikiak izandakoak bait dira.
Hirugarren urratsa ekarri du horrek, prezioak merketzea, bertoko agroindustriako langileen prekaritate eta esplotazioaren ondorioz, eta kanpoan ere esplotatutako nekazariekin lortutako produktuen prezioen ondorioz, gure baserrien biziraupena ezinezkoa bilakatu dute kasu askotan, hain ezinezkoa, limosnatik bizitzera eraman gaituztela. Baserri askotan lan eta lan aritu arren, esne ganaduaren kasu oso nabarmena da, ezinezkoa da aurrera joatea, bizitzea, gaur egun prima, laguntza, desakoplamiento eta beste hamaikatxo izen duen limosna publikoak desagertuz gero. Horrera eraman gaituzte, gure lanetik ezin bizi izatera, gure produktuak munduko onenak direla eta hemen beste inon bezala jaten dugula egun baten bai eta bestean ere entzuten dugun artean.
Baserri munduan ez dago krisian, baserri munduan nekazal politikaren punto de miran egon da urtez urte, ia desagertzeraino eraman dute batzuetan europako kontuak zirela esanez, beste batzuetan espainiako legeak zirela arduradunak eta batzutan baserritarrak ginela modernizatu eta hazi nahi ez genuenak. Eta hori lehengoek eta oraingoek bultzatu duten politika bat izan da, interes ekonomiko ustel batzuen mesedetan hirugarren mundua deitzen dutena gure baserri bihurtu dugu, herrialde askotan gosea gero eta arazo larriago bada ere, guretzat jatekoa sortzeko agroindustriak ezarri dituzte kapital haundiek, horien artean euskaldunak ei diren batzuk ere.
Guzti honeri aurre egin nahi diogula gure gizartearen eredu sozio-ekonomikoa aldatzearen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, ez delako posible munduan jendea gosez hiltzen egotea guk beraien herrialdeetan sortutako barazki, frutak eta abar jaten ditugun artean; ez delako posible, eskolaren batean bertoko jatekoa emateko asmoa agertzen dutenean, hori proiekto edo esperientzia piloto bat izatea, zer eta berton bertokoa jatea!; ez delako posible, gero eta jateko gehiago erabiltzen dugun gizarte batean nekazal lurrak etxeak, industriak, errepideak eta ez dakigu nora eraman gaituen abiadura handiko trenak egiteko hormigoiez estaltzea; ez delako posible nekazaritzan ez du inork lan egin nahi esan eta lasai-lasai geratzea, jendea fundizioetara afizioz joango bazen bezala; ez delako posible iraunkortasunaren ikurra altxatu, eta inor baino altuago altxatu, eta gure jateko ia denak kapotik ekartzen aritzea.
Guk, baserritarrok, gure txikitasunean, gure langile herri txiki hau elikatu nahi dugulako, munduko gainontzeko baserritar eta langileekin solidario izan nahi dugulako, gure herria abian jartzeko mobilizazioetarako deia luzatzen dugu. San Isidrok lagun gaitzala... |



x EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna)