MARTXOAK 8. EUSKAL HERRIAK ALDAKETA SOZIALA BEHAR DUELAKO... EMAKUMEOK KALERA!

Guk: langileok eta langabetuok, emakumeok, gazteok, nekazari eta arrantzaleok, pentsionistok, migranteok, ekologistok, sexu disidenteok, feministok, ikasleok… Euskal Herrian eta munduan aldaketa sozial sakon bat behar dela uste dugu. Horretarako, gure herriak erabakitzeko eskubidea izatea ezinbestekoa da, baita ere arlo sozio-ekonomikoan. Eta eskubide honen lorpenerako aurrera eraman behar dugun borrokan, emakumeon partehartzea ezinbestekoa da, nahiz eta gaur egun gure parte hartze soziala mugatua dugun. Izan ere, emakumeok etxeko lanen eta lan erreproduktiboaren ( zaintza…) ia bere osotasunean hartzen baitugu gure gain. Gainera, lan hau inongo kontu publiko zein aurrekontu ofizialetan onartua egon gabe. Hau dela eta, aldarrikatzen dugun  partehartze sozialarentzako denbora murriztuz.

Beste aldetik, lan munduan, emakumeok lan postu prekarioenak betetzen ditugu eta bataz besteko gure soldata gizonezkoekin alderatuz, % 28a gutxiago kobratzen dugu. Eta hau ez dugu guk esaten, estatistika ofizialek diote. Gainera, gure gorputzaren gaineko, gure sexualitatearen gaineko eta ugalketa boterearen gaineko erabakiak hartu ahal izan gabe jarraitzen dugu. Bortxatuak, erailak izaten eta tratu txarrak jasotzen jarraitzen dugu.

Gauzak horrela, emakumeok baditugu nahikoa arrazoi Martxoak 8 hau gure eskubideen aldeko eta gure herriak behar duen aldaketa sozialaren aldeko borroka eguna izan dadin. Hurrengo Martxoak 8an, kalera atera behar gara zapaltzen, esplotatzen eta itotzen gaituen sistema sozio-ekonomiko honen kontrako gizarte harresia  egitea posible izan dadin. Eraiki dezagun herrien zapalkuntza eta genero eta klaseen arteko ezberdintasunekin bukatuko duen harresia. Posiblea eta beharrezkoa delako.

 Euskal Herria, 2010eko martxoaren 6an

 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar