ESKUBIDE SOZIAL ETA LABORALEN MURRIZKETEN AURREAN, KALERA!!!

ESKUBIDE SOZIAL ETA LABORALEN MURRIZKETEN AURREAN, KALERA!

Eskubide hauen murrizketak salatzeko eta aldaketa soziala aldarrikatzeko antolatu izan diren deialdi ezberdinetan herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu HERRIAabian!etik
 

Herritarron egoera sozioekonomikoa okertu egin da azkenengo boladan. Nahiz eta ekonomiaren eta politikaren eliteak, beren hedabideen bitartez, “kimu berdeez” mintzatzen zaizkigun, Euskal Herriaren errealitatea herritarron eskubide sozialak eta laboralak murrizten jarraitzen ari direla da.

Ezartzen ari dizkiguten legeak, dekretuak, erreformak, zuzentarauak,... patronalak eta bankak, biztanleri gehienaren bizitza baldintzak kaskartzearen lepotik, irabaziak pilatzen iraun ditzaten diseinatuak daude. Honen lekuko etorkizunean ezarriko diguten erreforma laborala, zeinaren bitartez egoera kaxkarragoetan eta gehiago lan egin arazi nahi digutelarik, edota pentsioen erreforma, hura baliatuz kotizazioen zenbaketa aldatu nahi dutelarik kobratu behar dugun pentsioa murriztu dadin edo bakarrik bankarentzat, hau da gure bizitzen espekulatzaileentzat onuragarriak diren Pentsio Plan pribatuak egitera behartuko gaituztelarik. Eta guzti hau, 180.000 langabetu baino gehiago, milaka lagun behin-behineko kontratuekin edo EEEn metxupean, ia 350.000 pentsiodun pobreziaren mugatik behera dauden bitartean gertatzen ari da.

Ekonomiaren demokratizazioa eta subirautza ekonomikoa

HERRIAabian!etik uste dugu ekonomia arloan burujabetzarik ez izanak eragiten du murrizketa horietako asko Europak, Madrilek edo Parisek Euskal Herriari ezarri izana. Horregatik hain zuzen, esprru ekonomikoan ere, gure etorkizuna erabaki ahal izateko tresnak, hau da subirautza ekonomikoa galdegiten dugu. Hori bai, arazoa ez datza burujabetza ekonomiko hutsean, baizik eta, eta batik bat, ekonomia-demokrazia ezean. Kontua zera da, egun Euskal Herrian indarrean dauden erakundeetatik ekimenak zehazteko aukera dagoenean ere, ez dira biztanlegoaren eskubideak bermatzen ari: ikusten baitugu aldaketaren alde agertzen diren eragileei ekonomia erabakietan parte-hartzea ukatzen zaiela. Horregatik, hain zuzen, herri hau gure esfortzuarekin egunez egun aurrera ateratzen dugunok erabaki horietan parte hartzea aldarrikatzen dugu.

Kalera atera beharra dago

Murrizketa hauen aurrean, martxoaren 3an, martxoaren 8an eta Emakumeen Mundu Martxan egin genuen bezala, gure eskubideak defendatzera eta aldaketa soziala aldarrikatzera kalera ateratzeko ordua badela uste dugu. Zentzu honetan, data hurbilenetan eragile ezberdinek eskubide hauen murrizketa salatzeko eta aldaketa soziala aldarrikatzeko antolatu izan dituzten mobilizazio ezberdinetan herritarrak parte hartzera animatzen ditugu. Deialdi hoien artean hurrengoak azpimarratzen ditugu:

1.    Pentsionisten eskubideak: Sasoiak deiturik, martxoaren 18an, eguerdiko 12.30etan Foruen Oroigarriaren parean pentsio duinak aldarrikatzeko ospatuko den elkarretaratzea.

2.      Martxoaren 21ean, pertsona migranteen eskubideen alde ospatuko diren mobilizazio ezberdinak. Era berean, baita ere migratzaileen eskubideen defentsan, martxoaren 20an, arratsaldeko 17.30etan Hendaiako detentzio zentrutik abiatu eta Irunen amaituko den martxan eta martxoaren 22an Hego Euskal Herriko hiriburuetan burutuko diren elkarretaratzeetan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.

3.    Erreforma laborala eta pentsioen erreformaren aurka: martxoaren 27an, gehiengo sindikalak deituta, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Estatu espainolak iragarri dituen erreforma laboral eta pentsioen erreformak ekarriko dituzten eskubideen murrizketak salatzeko mobilizazioak burutuko dira.

 Euskal Herrian, 2010eko martxoaren 16a

 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar