Iritzi Artikulua: "ALDAKETA SOZIALA ETA ABERRI EGUNA"

Aldaketa Soziala eta Aberri Eguna

 

x Gorka Hernández y Amaia Pérez de Arriluzea, HERRIAabian!-eko kideak

Egungo krisia kapitalismoaren zentzugabetasuna berriz ere ari da azalerarazten, bizirauteko herriak, pertsonak eta natura elite ekonomiko murritz baten helburuetarako zapaltzera behartuta dagoen eredu ekonomikoarena delarik. Gutxi batzuek dirutza ikaragarriak pilatzen dituzte herritarren gehiengoak bere eskubideak nola murriztuak diren eta nola bere bizi baldintzak okertzen diren ikusten duen bitartean. Hau da, gutxi batzuen aberastasunaren aurrean, gehiengo handiaren miseria. Eredu horren beharrizan erasokorra planetaren beraren bizirautea ari da jartzen arriskuan baliabide naturalak arpilatuz eta etorkizuneko belaunaldien bizi baldintzak hipotekatzen ari diren kontsumismo ereduak bultzatuz. Logika hori elite ekonomikoen zerbitzura dagoen klase politikoak ebatzitako lege eta arauen bitartez joan da instituzionalizatzen eta legezko egiten. Sare guzti hori legitimatzeko erlijio, komunikabide, etb.en bitartez ideologizazio eta adokrinamendu bitartekoak erabiltzen dituzte eta herritarrak sistemako katebegi funtzional izateko hezitzen dute. Eta hori ez bada nahiko, ez dute errepresioa erabiltzeko lotsarik jarrera kritiko eta disidenteak apaltzeko. Funtsean, hori izan da kapitalismoaren funtzionamendua azken mendeetan zehar. Hori bai, jardunbide hori ez dagokio ekidin ezinezko patu zorigaiztoko bati, alderantziz, mahaigaineratzen den oposizioaren araberakoa da. Historian zehar, herritarren gehiengoaren gain elite ekonomikoek eta beren aparatu politiko, ideologiko, legegile, errepresibo, etb.ek eragindako biolentziaren arrakasta-maila herriek eta langile klaseak biolentzia horri aurre egiteko izan duten antolatzeko eta erantzueko ahalmenaren araberakoa izan da. Erantzun horiek klase arteko akordioetatik hasi eta herritarren gehiengoaren zerbitzurako eredu sozioekonomiko berrien ezartzeko aukera egoeretaraino eraman dute. Lorpen horien arrakasta neurtzen hasi gabe, azpimarratu behar dena herrien eta langileen antolaketa eta borroka kapitalismoaren funtzionamendua baldintzatzeko gai dela da, baita modelo ezberdin eta alternatibo bat sortzeko gai ere.

Egungo krisian berritasun faktore lez har dezakegu kapitalismoaren barne-logikari dagokionez, langile klasearen kontura irabaziak metatzeko elite ekonomiko eta politikoen arteko akordioa era gordinean azaleratu izana oraingo honetan. Euskal Herrian argi eta garbi ikusi dugu: diru publikoa, guztiona, beren diru-goseak krisia eragin dienei bideratu zaie; bankari, eraikuntzaren lobby-ari, patronalari dirua bideratu zaio zergen jeitsiera eta deuseztatzeen bidez… Bien bitartean, herritarroi BEZaren igoera, lan erregulaziorako txostenak, kaleraketak, langabezia, prekarietatea, pentsio eta zerbitzuen murrizketak, etxebizitza bat izateko ezintasuna edo jasanezinezko hipotekak, zerbitzu sozial eta publikoen pribatizazioak, azpiegitura handien inposizioa… mahaigaineratzen dizkigute. Laburbilduz, beraiek eragindako krisia langileoi ari zaigu ordainarazten. Hori epe laburrera. Epe ertain eta luzera jada ikusten ari gara nola elite ekonomiko horiek indartuta atera nahi duten krisitik, horretarako lan erreforma bat, gehiago eta baldintza txarragoetan lan egiteko, eta pentsioen erreforma bat, gure bizitzaren espekulatzaileei – bankari – mesede egiten dieten pentsio-plan pribatuak egitera derrigortuz, proposatzen dizkigute. Era berean, merkatuaren aukera berriak bilatzen ari dira beren irabaziak berreskuratu eta maximizatzeko. Eta hori dena “berdez” jantzita, ekologikoak – baita inolako edukirik gabe ere – bikain saltzen baitu: energia berriztagarriak, auto elektrikoak…

Gauzak horrela, eredu kapitalistaren kontraesanetako asko berriro azaleratzen ari dira egungo krisian. Izan ere, herrien subiranotasun gabezia eta erabakietan herritarren parte-hartzea bermatuko duten bitartekorik eza dira kontraesan argienetarikoak. Euskal Herriari dagokionez, krisi honetan hori agerikoa da. Gure herriak ezin du bere etorkizunari buruz erabaki, ezta alor sozioekonomikoari dagokionean ere. Gainean ditugu erreforma ezberdinek, Europa eta Estatu Batuetatik diseinatuta datozkigun krisiaren aurkako plan eta neurriek argi erakusten dute, horiek espainiar eta frantses gobernuek eta beren ordezkaritza autonomikoek egituratzen dituztelarik. Baina subiranotasun faltaz gain, arazoaren beste funtsa demokrazia ekomokikorik ezean dago: ez dago herritarrek parte hartu eta erabaki dezaten bitartekorik. Azpiegitura handien inposaketaren kasuan, herri-antolaketa eta parte-hartzeari jarritako oztopoek, arazo publikoen inguruko informazio eta eztabaidarik ezak, gezurrezko elkarrizketa sozialek… horixe bera ematen dute aditzera.

Errealitate horren aurrean, HERRIAabian!-en inguruan antolatu garen norbanako, sektore eta kolektibook egunero herri hau gure lanaz aurrera ateratzen dugunok gure etorkizuna erabakitzeko aukera, baita alor sozioekonomikoan ere, aldarrikatzen dugu. Bildu, ezatabidatu eta erabaki egin behar dugu, egungo ereduaren alternatiba bat badagoela badakigulako. Lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa, aberastasunaren banaketa eta ekosistemaren garapen dekokratiko bat bermatu beharko duen alternatiba, gure ustetan. Eredu berri hori era parte-hartzailean eta auzolanean sortu nahi dugu, oinarri-oinarritik, elite ekonomikoarekin lerrokatuta ikusi ditugun erakundeei eta beren klase politikoari aurre eginez. Erakunde horiek herritarren zerbitzura jarri behar ditugu. Bestela, ez digute balio. Zentzu horretan, Euskal Herriak era parte-hartzaile horretan erabaki behar du egungo ereduari alternatiba propioa, bere berezitasun eta bereizgarriak argi izanik. Hori bai, aldaketa sozialerako bide horretan ezinbestekoa deritzogu kapitalismoari eredu alternatibo bat eraiki nahi duten gainontzeko herriekin elkarlanean aritzeari. Internazionalismoa eta herrien subiranotasuna uztartzea estrategia egokia da, gure ustetan, “beste planeta bat posible da eta beste Euskal Herri bat beharrezkoa da” leloa aurrera eramateko. Guzti horregatik, baita gure herriak behar duen aldaketa sozialaren ikuspuntutik ere, hitzordu garrantzitsua dugu apirilaren 4ean: Aberri Eguna.

 


 


 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar