| Iritzi artikulua: "BESTE EUSKAL HERRIA BAT BEHARREZKOA DELAKO, ERAIKI DEZAGUN UTOPIA!" |
|
x Pablo Martínez, Amaia Perez de Arriluzea eta Igor Uriarte, HERRIAabian!-eko kideak “Utopia ez da kimera bat; oraindik ez dagoena da eta posible litzatekeena eta egotera irits daitekeena ekinbide iraultzailearen bidez eta ideologia erreakzionarioen gainetik”. Horrela definitzen da berba hori Nekane Jurado ekonomilariaren hainbat idatzitan eta hori da HERRIAabaian!-en helburua: beste Euskal Herri bat eraikitzea, oinarritik eta era parte-hartzailean, gure sorrera manifestuan adierazi genuen bezala: “Guk langileok: lanpostudun eta langabetuok, emakumeok, gazteok, nekazariok, arrantzaleok, pentsiodunok, pertsona migranteok, ekologistok, disidente sexualok, gaitasun gabeziadun pertsonok, autonomo dependienteok, ikasleok... eredu ekonomiko eta sozial alternatibo baten alde egiten dugu. Herri hau egunero egunero aurrera ateratzen dugunok Euskal Herria eraiki ahal izatea eskatzen dugu eta beste Mundu baten eraikuntzari gure ekarpena egin nahi diogu”. Azken finean, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar dugu, baita alor sozioekonomikoari dagokionean ere. Egungo ereduari alternatiba hori egunez egun eraiki behar dugu, lehenagoko esperiantziatik eta baita planetako beste herri batzuk dituzten egungo ekinbideetatik ikasiz. Hori bai, kontuan hartuta gure berezitasun propioak eta bereizgarriak. Hori iruditzen zaigu estrategia egokia “beste mundu bat posible da eta beste Euskal Herri bat beharrezkoa da” lema aurrera eramateko. Gauzak horrela, egungo ereduaren alternatiba bat badagoela sinetsita gaude. Eredu berri horrek egungo eredu kapitalistaren kontraesanak, aspaldian indar gehiagoz azaleratu direnak, gaindituko dituzten minimoetan oinarrituta egon behar duela uste dugu. Zentu horretan, subiranotasun ekonomikoa eta erabakietan herritarron parte-hartzea bermatuko duten tresnak lortzeak izan behar du beharrezkoa dugun aldaketa sozialaren oinarri. Izan ere, gaur egun planetako herrialde gehienek ezin dute beren etorkizuna erabaki, ezta alor sozioekonomikoari dagokionean ere, lapurketa inperialistara zigortuak daudelarik. Horrela, Euskal Herriaren kasua oso agerikoa da, begibistan ditugun erreforma eta neurri ezberdinak – lan- eta pentsioen erreformak, BEZaren igoera… – Europa eta AEBetatik diseinatuta etorri baitira eta gobernu espainiar eta frantsesak eta beren sukurtsal autonomikoek ezartzen baitituzte. Baina subiranotasun ekonomikotik haratako, arazoaren beste gakoa demokrazia ekonomikoaren gabezian datza: ez dago herritarrok parte hartu eta erabakiak hartzeko tresnarik. Gure herrian, horixe beraren froga dira azpiegitura handien inposizioa, parte-hartze eta antolaketa herritarrari jarritako oztopoak, informazio eta eztabaida gabezia auzi publikoetan, gezurrezko elkarrizketa sozialak… Minimo horietatik abiatuta – subiranotasun ekonomikoa eta ekonomiaren demokratizazioa –, egungo ereduari alternatiba honako irizpideen inguruan eraiki beharko litzateke gure ustez: lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa, aberastasunaren banaketa eta ekosistemaren garapen demokratikoa. Ardatz horiek zehaztu eta oinarri-oinarritik alternatiba sortzen joateko, bildu, eztabaidatu, erabakiak hartu, etb. egin behar dugula uste dugu. Eredu berri hori era parte-hartzailean eta auzolanean egin nahi dugu, oinarritik, egungo erakundeek eta klase politikoak – elite ekonomikoarekin lerrokatuak – ezarri nahi digutenari aurre eginez. Herritarren zerbitzura jarri behar ditugu egungo erakundeak; bestela, ez digute balio. Herritarron parte-hartzea bultzatzeko, HERRIAabian!-etik azken urte erdian eztabaida prozesu parte-hartzailea eraman dugu aurrera – tokiko asanbladekin eta kolektiboen eta norbanakoen ekarpenekin –, zeinetatik ALDAKETARAKOabiapuntua sortu den, Euskal Herrian aldaketa sozial sakon bat ahalbidetzeko HERRIAabian!-en parte hartzen dugun sektore, kolektibo eta norbanako guztiok batzen gaituzten minimoak biltzen dituen tresna, guztion artean adosten saiatu garena. Zentzu horretan, maiatzaren 15ean hitzordu bat dugu Altzako Kultur Etxean, Donostian, tresna hori zehazteko, zeina denboran zehar eguneratzen joango garen bere izaera dinamikoa baita. Hori bai, Nekane Juradoren aipuak azpimarratzen duen bezala, guztion eguneroko ekinbide eraldatzaileak du – eztabaida, borroka ideologikoa, mobilizazioetan parte-hartzea… bultzatuz – arrakastaren giltza. Horrela aldatuko dugu indarren arteko oreka eta herri honen eta langile klasearen aldera ekarriko dugu. Bide horretan, hurrengo Maiatzaren Lehenak borroka eguna behar du izan, eskubiddeen urraketak salatu eta herri honek aldaketa sozialaren alde egiten duela erakusteko. Kalera! |


