Iritzi artikulua: "MAIATZAK 15. ELUR BOLA BULTZATU"
Azken asteotan Grezian eman diren gatazka sozialek agerian utzi duten bezala, gobernu kapitalistek planteatzen ari diren "kapitalismoaren birfundazioaren" aurrean, soilik sistema errotik aldatuko duen eredua defendatu daiteke. Horretarako, aldaketa sozial erradikal horren ardatzak indar metaketaz, eztabaidaz eta borrokaz definitu behar direlako, maiatzaren 15ean HERRIAabian!-ek deitutako Asanblada Orokorrean parte hartzeko deia luzatzen digu:

 


 

x Jose Inazio Imaz, UPV/EHUko irakaslea

Azken aste hauetan Grezian gertatutakoak, gure sistema ekonomikoaren oinarriak eta ahuleziak jarri ditu berriro ere agerian. Krisiak Estatu oso bat jarri du kiebran, kapitalismoak sortutako egoera horretatik ateratzeko kapitalismo gehiago (gastu publiko gutxiago) proposatzen den bitartean.

Eta krisi honetatik ateratzea lortuko bagenu ere, ezin dugu hurrengo olatuaren, zain egotera mugatu. Sakoneko aldaketak behar ditugu, erradikalak. Ezin dugulako jarraitu bizitzen espekulazioa hain garrantzitsua den eredu batean (Burtsei buruz ari gara hemen), etengabe hazten jarraitu beharra daukan eredu batean, eta ahalik eta denbora txikienean ahalik eta gehien produzitu beharra daukan eredu batean.

Baina sakoneko aldaketak behar ditugu, batez ere kapitalismoa ez delako gai gure garaiko bi arazo nagusiak konpontzeko: ezberdintasun sozioekonomikoak eta arazo ekologikoa. Bi arazo hauen zuzenean erlazionaturik daude: bai mundu mailan, eta bai kontsumo gizarteen barnean, ezberdintasun sozialak mantendu edo areagotu egin dira, milioika pertsonak arazoak dituztelarik duinki bizitzeko; bitartean, diskurtso ofizialetatik proposatzen diren irtenbideak (“gizarte pobretuen garapen industriala etorkizunean” eta “kapitalismo gizatiarrago bat”) ez dute funtzionatuko, gure planetak muga fisiko-ekologiko batzuk dituelako. Munduaren %20 bakarrik modu industrialean bizita Lurraren oreka ekologikoa hautsi baldin badugu, ezin dugu proposatu bizitza estilo hori gainontzeko %80arentzako. Bizi garen bezala bizitzeko beharrezko baldin bada Gizadiaren %20ak baliabideen %80 kontrolatzea, hiruko erregelaren emaitza nabaria da: ez dago denontzako. Baliabide gehiegi kontsumitzen dugu eta gehiegi kutsatzen dugu. Eta ondorioz, irtenbideak dira, edo apartheid sozial eta ekonomikoan oinarritzen den gaur egungo sistema mantendu, edo gure bizitza eredua zalantzan jarri eta birpentsatzea.

Herria Abian antzeko gauzak pentsatzen, esaten eta egiten ari ginen kolektibo eta pertsonak koordinatzeko sorturiko herri plataforma da. Bi oinarri nagusitatik abiatzen da: (1) Eredu sozioekonomikoak aldaketa sakonak behar dituela, eta (2) aldaketa horiek bultzatzeko Euskal Herria esparru eta subjetu garrantzitsua izan daitekeela.

Erreforma sozialdemokratak ez dira nahiko. Hasteko, egia da langile klaseak borroka bidez lorturiko eskubideak defendatu egin beharko genituela, Greziako kasuan ikusten ari den bezala, kapitalismo neoliberalak krisia erabili nahi baitu eskubide horiek desmontatzeko. Baina ez genuke mugatu behar krisi hau ahalik eta kalte gutxienekin pasatzera. Aurretik esandako guziaren ondorioz, gehiago sakondu beharko genuke, eredu sozioekonomiko justuago bat imaginatzen hasiaz. Postkapitalismoa imaginatzen eta diseinatzen hasi beharko genuke.

Horretarako, krisi honetatik ateratzeko, eta batez ere beste sistema bat prestatzen hasteko, proposamen zehatzak, minimoen programa bat prestatzen hasi da Herria Abian, momentuz lau puntutan antolatu delarik programa hori: (1) Enpleguaren eta gainontzeko lanen banaketa. Krisi garaietan banaketa defentsiboa izan daiteke, baina etorkizunean banaketa ofentsiboa izan beharko luke, hiru helbururekin: enplegua sortu, langileen bizitza kalitatea hobetu eta aldaketa soziala bultzatu aisialdi aktibo eta ez-kontsumista zabalduaz. Gainera, lan guziak banatu beharra daude, ez bakarrik soldata bat ematen dutenak, ez dadin gertatu gaur egun bezala generoan oinarritutako diskriminazio bat, gutxien baloratzen direnak (etxeko lanak, ume, zahar eta gaixoen zainketak, etab.) emakumeen esku geratzen baitira.

Denok pasa beharko genuke denbora gutxiago enpleguan, denok, gizon eta emakumeok, gainontzeko lanetarako denbora gehiago edukitzeko. Horretarako, lanaldi murrizketa modu ezberdinak erabili daitezke: aparteko orduen edo ordu-extren aurkako borroka, asteko lanaldiaren murrizketa, jai eta opor-egun gehiago edukitzea, erretiro adina aurreratzea, baimen bereziak eskatzeko aukerak erraztea (familia zaintzeko, edo prestakuntzarako, edo urte sabatikoetarako…), denbora partzialeko enplegu duin eta boluntarioak sustatzea, etab. (2) Aberastasunaren banaketa: erosteko gaitasuna galdu gabe enplegua banatzeko, beharrezkoa da aberastasuna ere banatzea. Baina ez bakarrik lana banatzeko: aberastasuna banatzea beharrezkoa da baita ere eskubide sozialak ziurtatuko dituen sistema publiko bat mantentzeko (hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak, etxebizitza, kultura…).

Eta horretarako beharrezkoa da fiskalitatea, zerga sistema, eta gastu antisozialak birpentsatzea (3) Ekonomiaren demokratizazioa: aberastasuna beste era batera banatu nahi baldin badugu, beharrezkoa izango da ekonomia demokratizatzea, boteretik zabaltzen dituzten diskurtsoek proposatzen duten bidearen (pribatizazioak) justu aurkakoa hartuaz. Horretarako, beharrezkoa da jendeak informazioa eta benetako parte-hartzerako formulak edukitzea. Sektore estrategikoak (bankuak, energia, garraiobideak, etab.) publikoki kudeatu beharko lirateke. Eta orokorrean, ekonomiak gizartea zerbitzatu beharko luke, eta ez gaur egun gertatzen den bezala, diruarekin eta boterearekin zerikusia duten interes pribatuak (4) Ekologia: aldaketa sakonak aldarrikatzen dituen edozein proiektuk gure planetaren muga fisiko edo ekologikoak kontutan hartu beharra dauzka. Ez da nahikoa ekonomia demokratikoki antolatzearekin. Zalantzan jarri beharra daude baita ere desarrollismoa, etengabe eta mugarik gabeko hazkunde ekonomikoaren logika, eta ahalik eta gehien ahalik eta denbora gutxienean produzitzea eskatzen duen logika industriala. Eta ez diezagutela gezurrik esan: Abiadura Handiko Trenaren proiektuak ezin du jasangarria izan; Jaizkibelko superportuaren proiektuak ezin du jasangarria izan; eta orokorrean, hitz batzuk aldatu eta gaur egungo ereduarekin jarraitzeak ezin du jasangarria izan.

Egoera aztertzen, programak eta agendak zehazten eta aldaketa hau bultzatuko duen indarrak metatzen jarraitzeko, Herria Abianek kurtso hontako asanblada orokorra ospatuko du larunbatean, Maiatzak 15, gooizeko 10tatik aurrera, Altza-Donostiako Larratxo Zentro Zibikoan. Hitz egin, eztabaidatu, koordinatu, mobilizatu, borrokatu eta elur bola geldiezina izan arte bultzatu beharra dagoelako, abian!

 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar