| ASANBLADA OROKORRAREN OSTEAN: "HERRI HONEK ALDAKETA SAKON BAT NAHI DU ETA ABIAN JARRI DA" |
|
HERRIAabian!-ek ALDAKETARAKOabiapuntua zehaztu du eta herritarrak mobilizaziora eta beraien eskubideen alde eta murrizketen aurka borrakatzera deitzen ditu
Are gehiago, uste dugu sakoneko arazoa ez dela egun indarrean dugun krisia, baizik eta planetako herri ezberdinei, tartean gureari, inposatzen zaien eredu ekonomikoa bera. Azkenengo urteetan erasoak areagotzen joan dira eskubideen murrizketak (etxebizitza, osasungintza, hezkuntza) eta inposaketak (azpiegiturak, hipotekak, zorrak…) kasu. Momentu honetan, ikusten dugu nola elite ekonomikoak gure indarrak neurtzen ari diren eta jauzi kualitatibo bat emateko hautua egiten ari diren: eraso orokor bat oraindik indarrean mantentzen ditugun oinarrizko eskubideen gainean. Izugarrizko oldarraldi neoliberal horrek eta prestatzen ari diren beste zenbait neurrik, noraezeko egoera batean, shock egoera batean, murgildu nahi gaituzte eta horrela geldiarazi, zatitu eta eman ditzakegun erantzun bateratuak bertan behera utzi nahi dituzte. Honen aurrean, HERRIAabian!-etik herri hau egunez egun aurrera ateratzen dugunok erabakiak hartu ahal izateko, bildu, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko aukera izan behar dugula defendatu izan dugu beti. Gauzak horrela, Larratxon, Altzako herrian, langabezia eta prekarietatea (lan adina duten 1.578 pertsona langabezian) gehien kolpatzen ari den Donostiako zonaldetariko batean batzartu gara, behar dugun aldaketa sozialaren norabidean baliagarria izango zaigun tresna zehazteko. HERRIAabian!-en barruan kolektibo eta pertsona guztiak batzen gaituzten minimoak biltzen dituen tresna, ALDAKETARAKOabiapuntua, zehaztu dugu. Era berean, hurrengo kurtsoari begirako lan ardatzak soslaitu ditugu (tresnaren edukiak eta hurrengo kurtsoari begirako lan ardatzak ekainean egingo ditugu publiko). Egunez egun herri hau aurrera ateratzen dugunok gure etorkizuna erabakitzeko aukera izan behar dugula argi dugu. Era berean, pairatzen ditugun erasoei aurre egiteko eta beste mundu baten eraikuntzari ekarpena egiteko, gure herriak behar duen alternatibaren eraikuntzaren norabidean, borrokaren baliagarritasuna eta beharra azpimarratzen dugu. Zentzu horretan, erakunde sozial eta sindikal guztiak deitzen ditugu eredu hau oinarritik aldatu behar dela gero eta garbiago geratzen ari den une honetan, gure liskarrak albo batera uztera eta guztiok batera, blokean, herri honen gehiengo soziala osatzen dugunon defentsan zentratu gaitezen. Erantzunkizunez heldu behar diogu erronka horri eta gure eskubideen defentsarako bidea borroka dela uste dugu. Altzan, 2010eko maiatzaren 15a |



Egungo krisiaren gakoetariko bat honakoa dela salatu dugu HERRIAabian!-etik azken urtean zehar: gaur egun, planetako herrialde gehienek beren etorkizuna ezin dutela erabaki, ezta alor sozioekonomikoari dagokionean ere, lapurketa inperialistara zigortuak daudelarik. Horrela, Euskal Herriaren kasua oso agerikoa da, begibistan ditugun erreforma eta neurri ezberdinak – lan eta pentsioen erreformak, BEZaren igoera, Rodriguez Zapatero lehendakari espainolak iragarri dituen azkenengo neurriak… – Europa eta AEBetatik diseinatuta etorri baitira eta gobernu espainiar eta frantsesak eta beren sukurtsal autonomikoek ezartzen baitituzte. Baina subiranotasun ekonomikotik haratako, arazoaren beste gakoa demokrazia ekonomikoaren gabezian datza: ez dago herritarrok parte hartu eta erabakiak hartzeko tresnarik. Gure herrian, horixe beraren froga dira azpiegitura handien inposizioa, parte-hartze eta antolaketa herritarrari jarritako oztopoak, informazio eta eztabaida gabezia auzi publikoetan, gezurrezko elkarrizketa sozialak…