Prentsa oharra: "MURRIZKETA ETA ERREFORMEN AURREAN, EUSKAL HERRIAK ALDAKETA SOZIALA BEHAR DU"

HERRIAabian!-ek, gobernu espainiarrak inposatuko duen lan erreformaren aurrean prentsa ohar bat kaleratu du. Erreformaren irakurketa egitearekin batera, Europa eta Estatu Batuek diseinatu, gobernu espainiar eta frantsesak inposatu eta gobernu autonomikoek aplikatutako eredutik ateratzeko proposamena izango den ALDAKETARAKOabiapuntua-ren aurkezpenerako deialdia egiten du:

Gobernu espainolak langile klasearen eskubideak murrizten dituen lan-erreforma dekretu bitartez aurrera atera nahi du, enpresentzako malgutasuna bultzatuz eta kaleraketak merketuz, kaleraketa objektiborako kausak zabalduz, kalte-ordainak murriztuz eta gainera, kalte-ordain horien pisua Soldata-Bermerako Funtsaren gain jarriz eta ez enpresen gain. Gauzak horrela, berriro igaroko da diru publikoa esku pribatuetara patronalari langileon kaleraketa merkeago atera dakion. Gobernu frantsesak ere bere aldetik eskubideen murrizketaren aldeko hautua egin du. Izan ere, Pariseko exekutiboak jubilazioen erreformarako duen asmoa aurkeztu izan du. Bertan, jubilaziorako adina 62 urteetara atzeratzea proposatzen da. Horrez gain, jubilazioko gehienezko pentsioa jaso ahal izateko bildu behar diren eskubideak bermatzeko 41 urteetako kotizazio beharra hiru hilabetetan luzatzen du.

Bien bitartean, Euskal Herrian horrelako murrizketa eta inposaketen ikusle bakarrik gara. HERRIAabian!-etik egungo krisiaren gakoetako bat gaur egun planetako herri gehinek beren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik ez izatea, ezta arlo sozioekonomikoari dagokionean ere, dela salatu dugu, horrek zakuraketa inperialista ekidinezinezko egiten duelarik. Zentzu horretan, Euskal Herriaren kasua oso agerikoa da, Europa eta AEBtatik diseinatuta datozen eta gobernu espainol eta frantsesek eta beren sukurtsal autonomikoek ezarri eta martxan jartzen dituzten neurri eta erreformek – Lan- eta pentsio-erreformak, BEZaren igorera…–  gure ekinbide propiorako mugak azeleratzen baitituzte. Baina subiranotasun ekonomikoaren gabeziaz haratago, arazoaren beste funtsa demokrazia ekonomikoaren gabezian dagoela defenditu dugu: ez dago tresnarik herritarrok parte-hartu eta erabakiak har ditzagun.

Murrizketa horiei aurre egiteko, HERRIAabian!-etik uste dugu gure herria egunero egunero aurrera ateratzen dugunok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar dugula, baita alor sozioekonomikoari dagokionean ere.

Krisiaren aurkako sutea eta ALDAKETARAKOabiapuntuaren aurkezpena

Gauzak horrela, udako solstizioa datorrela aprobetxatuz, larunbat honetan eguerdiko 12.30etatik aurrera egingo dugun sutera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Bilboko Plaza Zirkularrean izango da, gure herrian kapitalismo basatiaren sinbolo nagusienetakoa den BBVAren aurrean. Sutara bota gura dugu soberan daukaguna eta ALDAKETARAKOabiapuntua aurkeztu, azken hilabeteetan zehar prozesu parte-hartzaile baten bidez eztabaidatu eta adostu dugun dokumentua, zeinak gure herriak eta langile klaseak behar dugun aldaketarako abiapuntua mahaigaineratzen duen.

Euskal Herrian, 2010eko ekainaren 16ean
 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar