HERRIA ABIAN-EK ALDAKETARAKO ABIAPUNTUA AURKEZTU DU
Krisiaren aurkako sutea herri honek soberan duena ezerezteko eta Euskal Herriak eta bere langile klaseak behar duen aldaketa aurkezteko baliatu dugu:

 

1.       Krisiaren aurkako sutea

250 pertsona bildu dira gaur, ekainaren 19a, eguerdiko 12.30ean Bilboko Plaza Zirkularrean. Herri honi ezartzen zaion garapen ereduak eta modelo sozioekonomikoak soberan duen guztia ezerezteko eta krisiaren aurkako sute bat egiteko bildu dira BBVAren aurrean, zeina gure herrian kapitalismo basatiaren sinbolorik handienetarikoa den. Gauzak horrela, egungo eredu ekonomikoak estutzen dituen sektore ezberdinek – emakumeak, pentsiodunak, gazteak, ikasleak, langile lanpostudunak eta langabetutak, nekazariak – sutara bota eta sinbolikoki gure herrian sobera dagoena erre dute: hipotekak, lan erregulazio txostenak, inposizioak, pribatizazioak, azpiegitura handiak, lege arrotzak, kalterako erreforma, dekretu eta murrizketak…

2.       ALDAKETARAKOabiapuntua-ren aurkezpena (dokumentua osorik atxikitzen dugu): gure herriak eta bere langile klaseak behar duen aldaketaren gutxienekoak eta ardatzak

Jarraian, behin soberan duguna sutara botaz deuseztatuta, ALDAKETARAKOabiapuntua aurkeztu da, HERRIAabian!-en biltzen garen eragile eta norbanako ezberdinok azken bederatzi hilabeteetan zehar prozesu parte-hartzaile baten bidez adostu dugun dokumentua, Euskal Herriak eta bere langile klaseak behar duen aldaketa sozialaren gutxienekoak eta ardatzak biltzen dituena.

2.a. ALDAKETARAKOabiapuntua-k jasotzen dituen gutxienekoak: subiranotasun ekonomikoa eta ekonomiaren demokratizazioa

Gure herriak subiranotasun ekonomikoa izan behar duela eta ekonomia demokratizatu behar dela uste dugu. HERRIAabian!-etik egungo krisiaren gakoetako bat gaur egun planetako herri gehinek beren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik ez izatea, ezta arlo sozioekonomikoari dagokionean ere, dela salatu dugu, horrek zakuraketa inperialista ekidinezinezko egiten duelarik. Zentzu horretan, Euskal Herriaren kasua oso agerikoa da, Europa eta AEBtatik diseinatuta datozen eta gobernu espainol eta frantsesek eta beren sukurtsal autonomikoek ezarri eta martxan jartzen dituzten neurri eta erreformek – lan- eta pentsio-erreformak, BEZaren igorera…–  gure ekinbide propiorako mugak azaleratzen baitituzte. Azken hori iragan astean berretsi dugu. Gobernu espainolak langile klasearen eskubideak murrizten dituen lan-erreforma bat aurrera ateratzeko asmoa duela aditzera eman du. Gobernu frantsesa, bestetik, indartsu ari da eskubide murrizketaren bidetik. Izan ere, Pariseko agintaritzak pentsio-erreforma aurkeztu du, 62 urtera arte atzeratzen duena erretiro adina eta gehienezko pentsioa jasotzeko 41 kotizazio-urteei hiru hilabete gehitzen dizkiona. Bien bitartean, Euskal Herrian horrelako murrizketa eta inposaketen ikusle bakarrik gara. Horrexegatik, HERRIAabian!-etik, herri hau egunero-egunero aurrera ateratzen dugunok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, baita alor sozioekonomikoari dagokionean ere, eduki behar dugula uste dugu, murrizketa horiei aurre egiteko eta egungo garapen ereduaren alternatiba eraiki ahal izateko.

2.b. Aldaketaren ardatzak

Gutxieneko horiek kontuan izanda, aldaketaren ardatzak ere adostu ditugu. Argi daukagu aldaketa dinamikoa izango dela eta bidean zehazten joango garela, baina oiraingoz, ardatzak honakoek izan behar dutela uste dugu:

1go ardatza: Eskuragarri dauden lanpostuen eta lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa: ordu gutxiago lan egin guztiok lan egiteko. Lan produktibo eta erreproduktiboko denbora murriztu parte-hartze soziala, aisialdia edota denbora librea ahalbidetzeko.

2. ardatza: Aberastasunaren banaketa: pertsonen eta herrien gainean egiten dugun esplotazioa deuseztatzera bideratu eta naturarekiko oreka hobestea bere garapena eta biziraupena ziurtatzeko, eskubide indibidual eta kolektiboak bermatzeko helburuarekin aberastasuna banatuz.

3. ardatza: Ekonomiaren demokratizazioa: alor sozial, ekonomiko edota administratiboaren antolaketan herritarren parte-hartzea bermatzea.

4. ardatza: Ekosistemaren garapen demokratikoa: Lurra, gure espazio natural eta soziala, eta bere ingurunearekin uztartutako garapen ekonomiko eta sozial endogenoa aldeztea, neurrigabeko hazkundearen ereduak dakarren kontsumo maila murriztuz

2.c. Hurrengo hurratsak

Gure helburua lanabes hori sozializatzea da eta berarekin agente politiko eta erakundeak itauntzea eta herritarrak behar dugun aldaketa sozialaren aldeko dinamiketan aktibatzen jarraitzea. Aldaketa sozial hori egungo ereduaren aldaketa sakona nahi duten planetako gainontzeko herriekin lankidetzan egin nahi dugu. Hori bai, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eraikitako eredua izan beharko du, iruzurrak baztertuz, horixe delako gure ustetan kapitalismo globalizatuaren aurkako borrokan egin dezakegun ekarpenik onena. Gainera, eredu hori oinarritik eraiki nahi dugu, parte-hartze herritarretik egungo erakundeek, era argian lerratu direnak elite ekonomikoekin, ezartzen digutenari aurre eginez. Zentzu horretan, erakundeak herritarren eta beharrezkoa dugun aldaketaren zerbitzura jarri behar ditugula uste dugu. Bestela, ez digute balio eta beste batzuk eraiki beharko ditugu.

3.       Ekainaren 29ko greba

Gaur goizean egindako ekitaldia bukatzeko, ekainaren 29rako herri honetako gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrari gure atxikimendua adierazi nahi diogu HERRIAabian!-etik. Herritarrak egun horren prestaketan era aktiboan aritzera eta egunean bertan piketeetan eta deitzen diren mobilizazioetan parte-hartzera animatzen ditugu.

Euskal Herrian, 2010eko ekainaren 19an 
 
 
 
Joomla Templates by Tomislav Feletar