| ZER DA ETA ZERTARAKO DA HERRIAabian! |
|
Zer da HERRIAabian!
Euskal Herriko herri sektoreok (langileak, langabeak, pentsiodunak, gazteak, emakumeak, etorkinak, nekazariak e.a.) “krisia” delakoaren aitzakian pairatzen ari garen erasoaldi atzerakoiari aurre egiteko, aldaketa sozialaren alde sortu dugun herri plataforma da HERRIAabian!
Osaketa
Izen eta gorputz propioa duen Plataforma batez hitz egiten ari gara. Euskal Herriko ezkerrak erantzun bateratu bat eman behar duela pentsatzen duen orok bere lekua dauka plataforma honetan. Bere osaera:
· Alde batetik, hainbat eragile sindikal eta sozialen konpromisoan eta parte hartzean oinarritzen da. · Beste alde batetik, norbanakoen ekarpen eta parte hartzea ere ahalbidetzen du marko lokaletan.
HERRIAabian! Otsailaren 14an jaio zen Bilbon. Nazional mailan biltzen den lan talde bat dago eta Plataforma maila lokalean sortzen ari da Iruñea, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta beste eskualderen batean. Maiatzak 9an ospatu genuen Lehenengo Batzar Nazionala eta bertan eztabaidatu eta zehaztu genuen etorkizunera begira Plataformak hartzen duen antolakuntza eredua. Antolakuntza eredu hori hurrengoa da:
Herri Plataforman parte hartuko duen eragile bakoitzak bere ildo eta dinamika propioak izango ditu eta ez da planteatzen horiek ordezkatzea. HERRIAabian! ez ditu sektore eta eragile ezberdinen dinamikak eta diskurtsoak ordezkatu behar. Hare gehiago, uste dugu soilik lokal mailako eragileen dinamikek sostengatu dezaketela HERRIAabian! Zentzu honetan, eta bizi garen momentuan, garrantzia hartzen duena herritarrak antolatzearena da. Bakoitzak bere esparruan, bere sektorean, gustorago dagoen eragilean dinamika errealak sortuz eta bultzatuz. Bakoitzak bere tokitik eredu ekonomiko honen aldaketa sakonaren beharra eta horretarako herri honek behar dituen tresnen aldarrikapena bultzatu behar ditu. Hortaz, HERRIAabian! herri eta eskualde guztietan sortzen ez gara tematu behar. Momentu honetan garrantzitsuena herri eta eskualdeetan dinamika errealak sortzea litzateke.
Ondoren, dinamika horiek aurrera ateratzen duten eragileak HERRIAabian!eko dinamikak bere gain hartu dezakete, plataforma bera sortuz edo unean une bere dinamikei atxikituz eta gorpuztuz. HERRIAabian! dinamika, eragile eta sektore ezberdin horiei marko bat eskaini behar die indar metaketarako. Hasiera batean manifestu baten inguruan metatu izan ditugu indarrak, bakoitzaren espezifidadetik haratago, orokortasunari erantzun bat emateko. Bigarrenik, zer gertatzen zaigun eta aldaketa behar dugula ondorioztatzeko, diagnostiko bat adostu nahi dugu guztion artean. Eta hirugarrenik, Munduko komunitatearen barruan herri honetarako herritar alternatiba bat osatu nahi dugu.
Helburu hauetarako, uste dugu dinamika partehartzaile eta zabal bati egokituko zaion antolakuntza eredua behar dugula. Kontutan izan behar dugu dinamika pausatu bat izan behar duela eta ematen diren urratsak ondo finkatu behar direla. Zentzu honetan, HERRIAabian!en Asanblada goreneko erabakitze gunea da. Erabaki horiek martxan jartzeko lan talde bat egongo da. Uste dugu antolakuntza eredu hau nazional mailan zein lokal mailan baliagarria dela eta zehaztu dugun helburua erdiesteko ezinbestekoa den partehartzea eta gutxieneko antolakuntza maila bermatzen dituela.
Iraupena eta faseak
Plataforma honek epe erdiko ibilbidea izango luke, alegia, une honetan bizitzen ari garen fase sozioekonomikoan sakoneko aldaketaren alde eragiteko asmoz. Ez da planteatzen, beraz, “betirako” eragile berri bat sortzea, baina ezta hilabete baterako kanpaina soila egitea ere. Ikasturte pare baterako behintzat badugula pentsatzekoa da, baina edozein kasutan ere plataforman biltzen garen eragileok erabakiko dugu, unean uneko egoeraren azterketaren arabera, zer nolako urratsak eman. Bi fase aurreikusten ditugu.
· Lehenengo fasea: Indar metaketarena herri honek behar duen aldaketaren inguruan. · Bigarren fase bat. Alternatiba zehazten joatearena. Indar metaketa aldaketaren norabidean egiten jarraitu beharko dugu, baina aldaketa hori gauzatuko den alternatibaren ezaugarritzeari bide eman beharko diogu.
Helburuak
Herri Plataforma honako helburu hauek betetzen laguntzeko tresna izan behar du:
· Eredu kapitalista auzitan jarri eta bestelako Euskal Herria baten alde egitea. Guk ez dugu nahi kapitalismoa birfundatzerik, ereduaren aldaketa baizik. · Aldaketa hori gauzatzeko Euskal Herriak behar dituen tresnak aldarrikatu. · Egungo eredu ekonomikoak langileontzat dakartzan kalteak eztabaida sozial eta politikoaren lehen planoan kokatzea. · Aldaketa sozial horren funtsezko elementuak identifikatu, gizarteratu eta horren aldeko indar metaketa bultzatzea. Euskal Herrirako herri alternatiba osatuz. · Kisiaren aitzakian patronalak nahiz Gobernuak hartzen ari diren neurriak salatzea. Euren krisia eurek ordaindu dezatela! ideia herritarren artean errotzea. · Egungo egoeraren arduradunak argi eta garbi identifikatu eta interpelatzea: patronala, Gobernuak, banketxeak, espekulatzaileak… · Aurreko guztia bideratzeko, herri sektoreen antolaketa eta mobilizaziorako esparruak irekitzea.
Edukia
Helburua ez da egoeraren azterketa eta alternatiba estrategikoa azken muturreraino adostea, eragile sindikal eta sozial bakoitzak bere ikuspegi propioa baitu hainbat gaien inguruan. Kontua litzateke oinarrizko adostasun bat lortzea ORAIN ETA HEMEN, Euskal Herrian, bizitzen ari garen egoera sozioekonomikoari herri erantzun bateratua emateko. Ildo honetan, Herri Plataformaren diskurtsoa hiru gakoen arabera antolatuko litzateke:
Bultzatuko lituzkeen ekimenak
Plataformak ekimen propioak antolatuko lituzke, aurretik aipatutako helburuen eta edukien ildoan. Funtsean, hiru motako ekimenak izango liratezke
· Lan ideologikoa: prentsa, propaganda lana, hitzaldiak, jardunaldiak… · Herri mobilizazio eta ekimen puntualak: tokian tokikoak nahiz nazio mailakoak eta esanguratsuak izango direnak: banketxe, instituzio eta abarrak interpelatzeko. |



